XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarritan, aurrak, lenbailen, al dan guzia ezagutu bear duela esaten da; ta ori, geron ustez, oker aundienetakoa dugu.

Aurrak, aurrari dagokion guzia, bai, ezagutu ta erabilli bear du; baña ez, iñola ere ez, gizonari bereziki dagokion guzia, arentzat oso kaltegarria izan dakiokelako.

Astakeria ta pellokeria izango litzake, esate baterako, aurrari bizarra nola kendu bear duen irakastea, ta iñori etzaio otuko orrelakorik egitea; bizarra berez sortu bear, eta sortzerakoan izango da, nola kendu bear dan jakiteko ordu egokiena.

Orobat gertatu bear da, asmo ta beste egipenai buruz, naiz soñari naiz gogoari dagokielarik, batez ere bigarrenaren neurrian ari-izateko.

Alakotz, aurrari ezta guzia erakutsi bear, bere adimena ta bere adiñak eskatuko duten neurrian baizik; beste eraz jokatzea, aurraren gogoa zauritzea izango litzake, ta ori egiteko eskubiderik ez iñorengan.

Guziok, baña, irakasle ta azleak batez ere, aurraren nortasunaren aurrean, begiramenez beterik ari bear beti, arenganako maitasarre bizi ta sakonenean, bere bigarren gurasoak izango bailiran.

Lagun-urkoarenganako lotsa ta begirunea eskatzen dira alde guzietan; gizonaren eskubideen artean oietxek lenengoenetakoak eiki; ta oyuka ari zaizkigu Ludi`en barna eten gabe aldarrikatzean.

Eta edonun eskubide oiek aintzakotzat artzen ez diranean, osteka ta deadarrez nun-nai.

Zergatik ez, aurrari dagokionean?.

Gizonaren eskubideen artean, geroko gizona dan aurrarenganakoa ez ote litzake lenengoa izan bear-izango?.

Aurra azteko bearra, gizartearen bear nagusia; orixe dala-ta, gizarteak ere ongienik eratu bear-izango ditu bere eginbide ori beteko duten giza-lagunak, ots, irakasle ta azleak; arreta aundienaz zuzentzeko eginbearra dugu ori, alde ta aldi guzietako gizonarentzat.

Arean, ortxe dugu, guzioi dagokigun arlo aundia, garrantziz beterik ikusi bear dan arazoa; zer esanik ez, gurasoak diranen aldetik, berengan, noski, orrekiko eginbide aundiena, beren aurren onurako, beren aurren eskubideagatik, beren aurren gerokoak eskatzen duenez.

Bete dezagun, bada, guziok egin bear duguna, bakoitzak bere baranoan barna; iñoiz aiztu gabe, aurra gizartearentzat, gurasoentzat lenengoz, itxaropena dala, gogo-biotzez zaindu ta tajutu bear dugun itxaropena.

Eta azken deia bezela guziontzako on-izan ditekena, auxe: Aurra, aurra dan bitartean, aurra izatea utzi bear da, ta ortarako laguntza aundiena eman ere; ta azitasunean, bere egunean gizon izateko arreta aundienaz gertutzea, gero.